XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hona hemen, agian ez ondoegi ulertua eta laburtua, haren teoria: Neolitikoan Europako erdi-hegoaldean bizi ziren herri preindoeuroparrak hizkuntza familia beretsukoak ziren; euskara da haien azken aztarna bizia.

Kanariarrak, kaledonioak (Britania Handian), eta kontinentekoak senide ziren.

Cromagnonaren ondorengoak, alegia; arte piktoriko handiaren egileak, Altamiratik Dordoña bitartean gailur artistikora heldu zirenak.

Gaur uste baino harreman estuagoak izango zituzten gainera neolitiko bukaerako zibilizazio handiekin: Troia (Ilion jatorriz; ili = hiri), Sumeria, Babilonia, e. a.

Ipar-ekialdetik zetozen herri indoeuroparrak Kristo baino 1.000 bat urte lehenago hasi ziren sartzen.

Beren hizkuntzak inposatzea lortu zuten (euskaldunei izan ezik) baina kultura preindoeuroparra oso indartsua zenez hitz eta kontzeptu asko bereganatu zuten sustrato zaharretik.

Beraz, hitz latino edo zelta bat, adibidez, euskarazkoaren berdina bada, ez du derrigorrez esan nahi euskarak hari hartu dionik, askotan alderantziz baita.

Kontua da indoeuropartze hori ez zela berandura arte, erromatarrek latina inposatu zuten arte burutu zenbait lekutan, Alpeen eskualde honetan, esate baterako.

Horregatik topa daiteke hainbeste euskal toponimo inguru honetan.

Alpe hitza bera ere harpetik datorrela dio.

Harkaitzen azpia, alegia.

Artzantzatik bizi denak ez ditu haitz tontorrak aintzakotzat hartzen eta izendatzen, larreleku diren harpeak baizik.

Harpetania deitzen dio Krutwig-ek eskualde honi.

Bere teoriaren frogagarri, Aosta, Piemonte eta Lombardiako toponimo mordoa dakar, bere ustez kointzidentzia hutsaren ondorio ezin izan direnak.